2014(e)ko apirilaren 25(a), ostirala

Mari Luz Esteban Pikaran maitasunari buruz

http://www.pikaramagazine.com/2012/02/mari-luz-esteban-maitasunaz-egin-daitezke-sakrifizioak-baina-beti-izan-behar-dute-aldi-baterakomendebaldeko-kulturan-maitasuna-eta-emozioak-ulertzeko-moduaren-arabera-eraikitzen-dira-gizartea-e/

Mari Luz Esteban: “Maitasunaz egin daitezke sakrifizioak, baina beti izan behar dute aldi baterako”

Mendebaldeko kulturan, maitasuna eta emozioak ulertzeko moduaren arabera eraikitzen dira gizartea eta harremanak, antropologoak liburu batean azaldu duenez

Cuerpos

Emozioen ikerketan erreferentzia da Mari Luz Esteban EHUko antropologoa. Bost urteko lana bildu berri du ‘Crítica del pensamiento amoroso’ (Maitasun pentsamenduaren kritika) liburuan, eta feminismoak alboratuta edukitako gai bat mahai gainean jarri du: nola eragiten die maitasunak gizakiei eta gizarteari?
Mari Luz Esteban
Maite Asensio Lozano /Berria*
Emozioen ikerketan erreferentzia da Mari Luz Esteban EHUko antropologoa. Bost urteko lana bildu berri du ‘Crítica del pensamiento amoroso’ (Maitasun pentsamenduaren kritika) liburuan, eta feminismoak alboratuta edukitako gai bat mahai gainean jarri du: nola eragiten die maitasunak gizakiei eta gizarteari? Estebanek berak dio maitasuna «oso garrantzitsua» dela bere bizitzan, «baina ez garrantzitsuena, beste gauza batzuk ere badaude».
“Maitasuna gure bizitzako baliabide bakarra izatea arriskutsua da. Ez da esan behar “ez maitemindu”, baizik eta “hartu behar dituzun arnesak”; babestu”
Zergatik landu du feminismoak hain gutxi maitasuna maila teorikoan?
Beste zenbait arrazoiren artean, maitasuna nahiko naturalizatuta eta esentzializatuta daukagulako, berezkotzat hartzen dugulako: ematen du hor dagoela, gizaki guztiok daukagula, kontrolaezina dela… eta arazo bat da, zeren maitasuna hala ulertzen badugu, ez dugu ikusten ez hausnartzeko ez eztabaidatzeko beharrik. Hori onartua dugu gizartean, eta feministok, neurri batean, ere bai, kritikoak izan arren, maitasunak emakumeengan dituen ondorioez jakitun.
Zergatik erabili duzu ‘maitasun pentsamendu’ kontzeptua, eta ez ‘maitasun erromantikoa’?
Erromantizismo hitza erabiltzean badirudielako guztiok gauza berdinaz hitz egiten dugula, baina ez da hala. Maitasun erromantikoa azken mendeetan garatu da; maitasuna ikusteko eta bizitzeko modu bat da, baina bikote harremanekin lotzeko joera dugu. Nik asmatu nahi nuen zerbait adierazteko gure gizartean maitasunaren inguruan ideologia bat dagoela, praktikan eragin handia duena, baina bikote harremanetatik eta maitasun harremanetatik harago ere bai. Kontzeptuaren bidez hausnarketa eragin nahi nuen, eta ‘maitasun pentsamendu’ baliagarriagoa iruditu zait hori islatzeko.
Zer adierazi nahi nuen? Pentsamendu edo ikuskera orokor horrek ez dituela soilik gure harremanak baldintzatzen, baizik eta emozioak eta maitasuna gure kulturaren erdigunean kokatu ditugula, gizakiak, gizarte harremanak eta, orokorrean, bizitza ikusteko eta ordenatzeko modua bihurtuz.
Zertan datza maitasun pentsamendu hori?
Maitasun pentsamendua gizakia ikusteko modu bat da, baina, horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial oso bat da, gizartea antolatzeko modu bat: familia eta elkarbizitza, gizon eta emakumeen arteko harremanak, heldu eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa, lana… Baina pentsamendu horrek, gure harremanak baldintzatzeaz gain, gure kulturaren erdigunean kokatu ditu emozioak eta maitasuna. Beraz, ez da bakarrik amodio erromantikoa, ez da bakarrik bikotea, hori baino gehiago da; bizitzeko modu bat da, nolabait, bizitza ikusteko eta ordenatzeko modu bat.
Nola antolatzen da gizartea maitasunaren bidez?
Maitasun ideologia hori, nire ustez, hiru esparrutan eratzen eta elikatzen da nagusiki: bikotean, amatasunean, eta zaintza lanetan. Bikotea familiaren ardatza da –filiazio heterosexual zein homosexualean-, elkarbizitzaren eredu ideala, eta maitasun mota guztien gailurrean dago gaur egun. Maitasunak eta emozioek oso ondo antolatzen dute zer den garrantzitsua eta zer ez, zer dagokien gizonei eta zer emakumeei, zer den egokia eta zer ez, nolako portaera eduki behar dugun… Munduaren puzzlea ordenatzeko oso modu ona dira.
Maitasun eredu burges eta kapitalista aipatzen duzu. Sistemari komeni zaio maitasun erromantikoaren eredua?
Bai, eta horretan erromantizismoa eta kapitalismoa eskutik loturik doaz, elkarri eragiten diote. Fikzio erromantikoan (nobela arrosetan, pelikuletan…) oso ondo ikusten dira balio kapitalistak. Istorio bera kontatzen du behin eta berriro: emakume baten ibilbidea gizon bat lortu arte. Gidoi horietan, heterosexualitatea eta genero harreman zehatz batzuk islatzeaz gain, kapitalismoaren ‘ilusioa’ ere kontatzen da: ordena ekonomiko eta moral bat, non, itxuraz, dirua ez den garrantzitsua eta maitasuna beti den ona.
Nola heltzen da maitasuna mendekotasunerako mekanismoa izatera?
Pentsatuz maitatzen duenak ezin duela ezer eskatu ordainean, eta gainera hori ez zaie berdin aplikatzen gizonei eta emakumeei. Emakumeoi esaten zaigu gu garela emozioen eta maitasunaren zaindariak, besteei begira jartzen zaigu. Hori berez ez da txarra, baina zer gertatzen da? Guk amodio hori eman behar dugu, baina ezin dugu ezer eskatu, hau da, elkarrekikotasuna apurtzen da, emakumeen kalterako. Eta ezin baduzu ezer eskatu, boterean ez daukazu maila bera. Beste mendekotasun modu bat da emakumeei esatea egin beharrekoa maitasunaren truke egin behar dutela, eta ez diru truke; beraz, emakumeena ez da lana, ez dauka baliorik. Gurea eskatzeko ahalmenik gabe geratzeko modu asko daude, eta horrek botere mendekotasunean jartzen gaitu.
Mendekotasun hori klasearekin eta etniarekin lotzen duzu.
Fikzio erromantikora bueltatuz, gidoi heterosexual horietan, askotan emakumea ilunagoa, pobreagoa eta klase baxuagokoa da, eta maitasuna da modu bakarra, edo onena, emakume hori mailaz igotzeko, gizon zuri aberats batekin elkartuz, jakina, maitasunaren bidez. Maitasunaren guztiahaltasunaz oso konbentzituta gaude, desberdintasun guztiak ezabatzen dituelakoan: generoa, etnia, klasea… Ez da egia; hori ilusio bat baino ez da, elikatzen zaigun ilusioa. Maitasuna gure bizitzako baliabide bakarra izatea arriskutsua da.
Baina maitatzea ez da txarra…
Ez, berez ez, eta ez da esan behar “ez maitemindu”, baizik eta “hartu behar dituzun arnesak”. Mendira kaskoarekin eta sokekin babestuta goazen bezala, maitasunean ere babestu behar dugu, ondo pasatzeko baina onik ateratzeko. Teknika, ideia batzuk ikasi behar ditugu, identifikatu ahal izateko gauzak noiz doazen ondo eta noiz gaizki, komunikatzeko, negoziatzeko edo harreman bat bertan behera uzteko… Horiek guztiak dira gure arnesak. Zergatik pentsatzen dugu maitasunean ez dela babesik behar, dena dela libre? Eromena da.
“Maitasunaren guztiahaltasunaz oso konbentzituta gaude, desberdintasun guztiak ezabatzen dituelakoan: generoa, etnia, klasea… Ilusio bat baino ez da. Maitasuna gure bizitzako baliabide bakarra izatea arriskutsua da”
Maitasunaren bidez eraikitzen da andreen identitatea, besteei lotuta.
Emakume egiten gaituen zerbait badago, gure erdigunean maitasuna egon beharra da, gure bizitzako ardatz nagusia izan beharra. Horregatik uste dut maitasuna gure erdigunetik kendu behar dugula. Maitasuna erdigunetik kenduz gure emakume identitatea nahitaez eraldatuko da.
Nola?
Ez dut esan nahi maitasuna bizitzatik kendu, baizik eta beste gauza batzuk jarri, orekatu. Jendeak esaten duenean maitasuna dela bizitzako gauzarik inportanteena dela, ni ez nago ados. Uste dut askatasuna oso inportantea dela, justizia, elkartasuna… Maitasuna gauza inportanteenetako bat izango da, baina ez bakarra, ez nagusia.
Ikastaroetan eta liburuan, maitasuna subertsiorako elementu izan daitekeen galdetzen duzu, eta zure buruari erantzuten diozu ezetz.
Beno, nik uste dut izan daitekeela. Argentinako Mayo Plazako Amamen adibidea jartzen dut, eta hala ere ez dut uste bakarrik maitasunaz jardun zirela, ideologia politiko jakin batzuk zituztelako. Baina nire ideologia politikoan ez nuke jarriko “elkar maita dezagun” lehen lerroan. Mundu bidezkoagoa lor daiteke maitasuna erabili gabe, leku eta une batzuetan elkarbizitza edo sen ona inportanteagoak direlako, adibidez. Mundu horretan egongo da maitasuna? Bai, baina ez bakarrik. Maitasuna ez da tresna nagusia, tresna bat baizik.
Eta beste balio horiekin ezin al da maitasuna lotu?
Bai, baina solidario izan zaitezke maite ez duzun pertsona batekin. Gauza batzuk egiten ditugu maitasunaz, eta beste batzuk justiziaz, askatasunaz, konpromisoaz… Maitasunaz egiten direnak hobeak dira? Ez derrigorrez. Horregatik uste dut berraztertu eta arindu egin behar dela pentsamendu hori: maitasunak harreman guztietan egon behar duela pentsatzeak exijentzia handia iruditzen zait, eta gainera, ez da batere errealista. Lanean, elkarte batean… edonon zaudela eta harreman afektiboak sortzen direla? Ondo, baina ezin du derrigorrezkoa izan. Onartu behar duzu mundu guztiak ez zaituela zertan maitatu, pertsona batek eskubidea duela zu gustuko ez izateko, eta ez da ezer gertatzen. Batzuetan oso zaila da onartzea, baina niretzat funtsezkoa da.
Elkartasuna, askatasuna… definituta dauzkagu. Eta maitasuna? Definiezina da?
Nik definitzearen aldeko apustua egin dut, gerora definizio hori aldatzeko bada ere. Ausartu behar gara, bestela irudituko zaigu maitasuna zerbait magikoa dela, eta ez: defini dezagun. Nik uste dut maitasuna elkarrekin komunikatzeko modu berezi bat dela, elkarrekikotasun hutsa gainditu dezakeen harreman mota bat, lau aldagai dituena: bestearen idealizazioa eta erotismoa, eta iraunkortasuna eta intimitaterako nahia. Nire ustez, amodio pasionalean ez ezik, maitasun harreman guztietan daude aldagai horiek; osagaiak berdin-berdinak izango lirateke, baina osagai horiek konbinatzeko edo azpimarratzeko moduak ezberdinak. Maitasun mota ezberdinak maila berean jarri behar ditugu; ildo horretan, kezkatuta nago adiskidetasunak ez daukalako merezi duen leku teoriko eta politikoa, praktikan garrantzia handia izan arren.
Nola eragiten du maitasun pentsamenduak amatasunean?
Entregan: dena egin behar duzu umearen alde, zuk bigarren mailan geratu behar duzu… Umeak edukitzean emakumea zarela konturatzen zara. Gizon asko arduratzen dira seme-alabez, baina baldintzarik gabeko egote hori amek egin ohi dute. Ondo dago norbait egotea, baina zergatik ama bai eta aita ez? Egote hori tarte batez bada, ondo, baina ezin da proiektu bakarra izan norbere bizitzan, ez emakumeen ez gizonen kasuan. Maitasunaz egin daitezke sakrifizioak, baina beti izan behar dute aldi baterako.
Zaintza lanak dira maitasun pentsamenduaren hirugarren ardatza.
Oso emakumeena bihurtu dugu eremu hori. Zaintzaz hitz egitean, azterketa emozionalak egiteko joera dugu, emozioen eta maitasunaren hizkuntza erabiltzeko: nabarmentzen dugu oso garrantzitsua dela, zainketa onena maitasunez egiten dela… Eta hor hasten da gurpil zoroa: gu garenez emozioen zaindari, gure ardura da…
Gizonek eta emakumeek desberdin maitatzen dugu?
Seguru asko, emakumeen artean desberdintasunak daude, eta gizonen artean ere bai. Baina egia da, emakumeok maitasuna erdigunean jartzeko joera dugunez, dena okupatzen duela, gehiegizko lekua hartzen duela, eta aditu bihurtzen garela. Gizonek, aldiz, oso ondo ikasten dute euren proiektuak baloratzen, eta hori berez oso ondo dago; gero maiteminduta egon daitezke, baina dena batera doa. Horregatik, askotan, hori ez dator bat harremanak zaintzearekin.
“Emakumeok heziketa emozional demasa dugu, gehiegizko entrenamendua eta horrek ez digu beti laguntzen arazoei aurre egiten eta gizonek bat ere ez: maitemintzen dira eta ez dakite nola bizi”
Elkarrizketatu dituzun emakume askok hitz egin dute gizonen arazoez…
Bai, analfabetismo emozionalaz hitz egin dute zenbaitek, maitasuna adierazteko eta aztertzeko gizon batzuek dauzkaten gabeziez hitz egiteko. Emakumeok heziketa emozional demasa dugu, gehiegizko entrenamendua eta horrek ez digu beti laguntzen arazoei aurre egiten eta gizonek bat ere ez: maitemintzen dira eta ez dakite nola bizi. Gizonen arazoa da, batez ere, ez dutela ardura hartzen: ez dute harremana zaintzen, edo ez behintzat emakumeen maila berean, eta hor desoreka handiak sortzen dira. Gainera, askotan, ez dute emakumea berdintzat ikusten, maitatu arren; elkarrizketatu batek dioenez, maitasuna eta justizia ez doaz beti elkarrekin, eta guk maitasun justuak eta parekideak nahi ditugu.
Dena den, uste dut gizonen analfabetismoarena klixe bat ere badela, orokorrean esaten delako, adina, ideologia, izaera edota beste aldagaiak kontuan hartu gabe. Eta klixe horrek ez du beti balio hausnartzeko edo politika egiteko, gehiegi sinplifikatzen dituelako gauzak.
Lesbianismoa tresna politikoa dela esaten duzu. Nola?
Norma heterosexuala apurtzeko tresna egokia iruditzen zait, munduari begiratu eta bikoteak edonon ez ikusteko. Gizonen eta emakumeen osagarritasun hori apurtu behar da, pertsonak ikusi, eta iruditzen zait begirada queer-lesbiano horretatik, ideologikoki behintzat, posibleagoa dela.
Bestelako maitasun eredu bat definitzean hiru dimentsio aipatzen dituzu. Zeintzuk?
Elkarrekikotasuna, aitortza eta birbanaketa boterea, dirua, denbora, prestigioa banatzea . Maitasuna arrazoiarekin lotu behar dugu, ebaluazioarekin, negoziazioarekin, kalkuluarekin… Baina justu kontrakoa idealizatzen dugu, ez omen delako benetako maitasuna diruarekin lotzen badugu, adibidez. Hiru dimentsioena orokorrean planteatzen dut, gogoeta eta politikarako ariketa gisa, maitasunaren inguruan, baina maitasunetik harago; ez maitatu arren ere bai. Adibidez, maitatzea ez da bestea aitortzeko modu bakarra, edo onena, derrigorrez. Eta birbanaketa, bestalde, justiziarekin lotuta dago: dirua, denbora, boterea… banatu behar ditugu, ez elkar maite dugulako, baizik eta hobea delako, mundu parekideagoa eta justuagoa delako.
Zer negoziatu daiteke?
Dena, baita sexulitatea ere.
Poligamia ere bai?
Bai. Uste dut ez dela idealizatu behar ez poligamia, ez monogamia; agian momentu batean pertsona bakarrarekin gustura zaude, eta beste batean ez. Baina argi dago monogamia, eredu gisa, ez dela onena, aipatu dugun beste guztiarekin batera doalako, sistema ideologiko horren ardatz nagusia delako. Gainera, ez dugu monogamiaren eredu hori betetzen; gurea poligamia ezkutua da. Edozein kasutan, iruditzen zait, praktikan, hobe dela bikote batean kide biek edukitzea pertsona batekin baino gehiagorekin egotearen esperientzia hori, bestela desorekak sortzen direlako. Gai zaila da, baina zaila izateak erakusten du beharrezkoa dela horri buruz hitz egitea, eta horretarako, “nik maite zaitut, orduan nirea zara” ideia apurtu behar da. Maitasunak ezin du jabetzarekin joan. Adiskidetasunaren esparruan poligamoak izan ohi gara, eta nahiko ondo moldatzen gara, nahiz eta zeloak edo istiluak ere sortzen diren noiz edo noiz. Arlo hori inspirazio iturri ona izan liteke harreman eredu berriak pentsatzeko eta eraikitzeko.
Feministek beste modu batera maitatzen dute?
Ideologia erromantiko hori badaukagu, duda gabe, baina egia da feministok ‘mendira igotzeko’ babes batzuk badauzkagula. Feminismoan ikasi egiten dugu: zer nahi dugun bizitzan, zein arazo ditugun, horiei nola aurre egin, nola aldatu gure bizimodua… eta maitasuna, gu mendean hartzeko modua denez, gure palanka ere bada, aldatzeko. Honetan mezu baikorra zabaldu nahi izan dut: gazte feminista bat maitasunagatik sufritzen ikusten dudanean, pentsatzen dut feminista izateak emango diola zer hausnartu, zer ikasi, galdera batzuk planteatuko dituela, eta jakingo duela eskubideak dauzkala, ez dagoela gauza jakin batzuk egitera behartuta.
- See more at: http://www.pikaramagazine.com/2012/02/mari-luz-esteban-maitasunaz-egin-daitezke-sakrifizioak-baina-beti-izan-behar-dute-aldi-baterakomendebaldeko-kulturan-maitasuna-eta-emozioak-ulertzeko-moduaren-arabera-eraikitzen-dira-gizartea-e/#sthash.G2ohC1V2.dpuf

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina