2014(e)ko apirilaren 25(a), ostirala

Koral Herrerari elkarrizketa Berrian

http://paperekoa.berria.info/agenda/2013-02-06/027/001/amodioaren_kontuarekin_emakumeok_entretenituta_gauzkate_antola_ez_gaitezen.htm

KORAL HERRERA. IDAZLEA

«Amodioaren kontuarekin emakumeok entretenituta gauzkate, antola ez gaitezen»

Maitasun erromantikoa emakumeak kontrolpean izateko tresna dela dio Koral Herrera ikertzaileak eta haurrak hazteko ardura gizarte osoak hartu behar lukeela. Gaur azalduko du bere jarrera Oñatin.
EDU LARTZANGUREN
BERRIA
Generoaren inguruko ikertzaile eta idazlea da Koral Herrera (Madril, 1977). El amor romántico desde una perspectiva queer hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Oñatiko (Gipuzkoa) kultur etxean.

Feminismotik sarri entzuten ari gara amodio erromantikoaren aurkako diskurtsoa. Baina amodio erromantikoak ez al gintuen, bada, komenientziako ezkontzatik salbatu?

Bai, eta hasieran bazuen halako transgresio kutsua. Shakespearen Julieta, esaterako, ordenu patriarkalaren aurka matxinatu zen, eta aitaren erabakiaren gainetik, berak maite zuen gizonarekin ezkondu nahi zuen. Hori dauka ona amodio erromantikoak: jendea gauza dela ozeanoa zeharkatzeko amodioaren bila. Baina, bestalde, gizartea kontrolatzeko tresna bat da: binaka elkar gaitezen eta dena dagoen bezala gera dadin balio du. Amodioaren kontuarekin emakumeok entretenituta gauzkate, antola ez gaitezen. Izugarria da emakumeok maitasunarekin xautzen ditugun denbora, baliabideak eta indarrak.

Bikotea «maiatasun sareak» direlakoekin ordezkatzea proposatzen duzu. Zer dira sare horiek?

Garai batean herrietan berez sortzen ziren sare horiek, elkar laguntzeko. Pertsona bakarrean biltzen dugun maitasuna gizartera zabaldu behar dugu, auzoengana, lankideengana... Maitatu bai, baina ongi maitatu: botere harremanik gabe eta menpekotasunik gabe. Bakardadearen konponbidea ez da printze urdina topatzea, baizik eta sareak sortzea eta laguntzeko oinarri zabala izatea.

Beraz, geroan emakumeek ernalkuntza lagunduaren tekniken bitartez haurrak izatea eta, gero, tribu osoak zaintzea da zure ametsa?

Horrela izan da milaka urtetan. Historiaurrean leinuetan bizi ziren, eta haurrak denen artean zaintzen zituzten. Emakumeek ez zuten ar bat horrenbeste behar haurrak hazten laguntzeko.Oso gogorra da bizitza gaur ezkongabeko amentzat edo ama dibortziatuentzat. Haurrak haztea gizartearen erantzukizuna da, eta, gaur, amaren bizkarrean geratzen da, eta estatuak eskuak garbitzen ditu.

Emazteak utzi zuela kontatu zidan ezagun batek, eta errua Sex and the City telesailari botatzen zion: Horretan protagonistak emakumeak eta euren lagun kuadrilla dira, eta gizonezkoak atalez atal aldatuz joaten diren pertsonaia apaingarriak. Ez al du antz handia proposatzen duzunarekin?

Telesail horrek arinkeriaz beteriko irudia ematen du, eta oso indibidualista da. Emakumeak gizon ehiztari gisa agertzen ditu. Ez zait eredu ona iruditzen, eta New Yorkeko emakumeen arazoak ez dira emakume normalen arazoak. Denok nahi dugu berdintasunean oinarrituriko harremana, baina gero nola kudeatzen dugu jeloskortasuna, beldurra, mina eta banaketa? Zaila zaigu, ez digutelako irakatsi. Produktu kulturalek botere borroka edo amodioarengatik suizidatzea proposatzen digute; oso erantzun pobreak, alegia.

Krisia dela eta, Costa Rican bizi zara. Hego Amerikan tipikoa da gizon askok izkin egitea haurrak hazteko ardurari. Aldi berean, emakume askok haurrak hainbat gizonezkorekin izaten dituzte, laguntza izateko aukerak handitzeko. Europan aitek izaten duten ardura ez al dator amodio erromantikoaren loturatik?

Ez dut uste. Hori ez da amodio erromantikoaren eraginez etorri, baizik eta gizartean borroka feministak izan duen eraginaren ondorioz. Aitek haurrekin gozatu nahi dute, besterik gabe. Baita dibortziatuek ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina