http://www.gaur8.info/edukiak/20140215/447316/Maitasunaren–errekonkistan
Kattalin Miner
Nire agendak gogoratu zidanez, atzo izan zen San Valentin eguna,
«maiteminduen eguna» esaten zaion hori. Gu, ordea, egun horren
bezperetan Gasteizen izan ginen, maitasun erromantikoa delakoari buelta
batzuk eman nahian edo.
Hainbat konturen inguruan aritu ginen egia esan, baina esango nuke
han izan ginenetatik inork ez zuela atzo arrosa sortarik jaso edo
bidali.
Nik ez dut San Valentin bereziki gorrotatzen, beste hainbat egunek
edo erritualek (demagun ezkontza batek) sortzen didaten indiferentzia
bera sortzen dit maiteminduen eguna delakoak. Ez hori bakarrik, bada
zerbait egun horretan oso zorioneko sentiarazten nauena.
Uste dut komedia erromantikoak ikusteko arrazoi berbera dela egun
honek zirrara sortzearen arrazoia. Izan ere, egun hau heteroarauaren
manifestazio kutreenako bat bezala bizi dut. Kutrea dela esateak ez dio
duen indarkeriazko boterea kentzen, baina kutrea da. Iruditzen zait
politikoki erregimen heterokapitalista ospatzeko eta berau polita izan
litekeela argudiatzeko eguna dela ditxosozko San Valentin hau. Opari
bat, araua zintzo betetzen dutenentzat, opari bat maitale finei,
monogamoei, heterosexualei.
Bestalde, maitasun erromantikoaren paradoxa eta moralejak ongi dioen
bezala, egun hau bera zigor bilakatzen da jokoa jokatu nahi baina araua
ongi betetzen ikasi ez dutenentzat; «bakarrik» daudenentzat.
Itsusientzat, lodientzat, histeria puntua duten emakume horientzat,
putentzat, lesbiana askorentzat, zaharrentzat, sasoia pasatu
zaienentzat.
Egun honetan, heteropatriarkatuaren miseriak agerian geratzen dira,
argi ikus dezakegu haren zigor-sari joko ankerra, eta nik egun horretan
goia jotzen dut. Nik ere izan baitut egun honetan arrosa bat oparitu
zidan neska-laguna, edota egun horretan utzi izana inoiz barkatuko ez
didan mutil-lagun ohia (bai, ongi irakurri duzue).
Baina goia jotzen dut otsailaren 14an. Goia, jada joko horretan
lekurik ez dudalako (nahi); goia, sari horiek munduko saririk
kateatzaileenak, aspergarrienak eta normalenak eta hutsalenak iruditzen
zaikidalako; goia, «bakardadearen» zigorrari ez diodalako beldurrik,
nire familia hautatuak aspaldi uxatu zituelako mamuak.
Auzo lotsa eta nazkaren gainetik, beraz, nire bizitzak zentzu osoa
hartzen du egun honetan, haien bizitza teatralizatu eta
dramatiko-amorosoen gainetik.
Edozein kasutan, San Valentin eguna inspirazio iturri izaten da honi
buelta batzuk ematen ari zarela. Izan ere, aurtengoan, telebistan egun
hauetan maitasun erromantikoaren apologia biolentoa egiten dabiltzan
honetan edo nire etxe alboko okindegian San Blasen alboan bihotz formako
gaileta arrosak ikusi ditudanean, pentsatu dut maitasuna gauza
handiegia dela kapitalismo heteropatriarkalari monopolioa uzteko.
Maitasun erromantikoa ere gauza handia izan litekeela, birpentsatu eta
berrasmatzen jakiten badugu. Horregatik uste dut ukapena baino, maitasun
erromantikoaren errekonkista egin behar genukeela.
Hala, maitatu nahi ditut handiki nire lagunak, nire familia hautatuak
eta odolezkoak, nire maitaleak eta maitatuak. Nahi ditut denak nahastu
eta keinu handiak egin, estralurtarrak, eta ezkontzak asmatu, maitasun
erritual berriak, taldekakoak, binakakoak, kolektiboak. Nahi ditut
pastelak jan, bihotz formakoak bai, baina baita sabel formakoak,
lepoalde itxurakoak, ile usainekoak ere. Nahi dut nire lagun onenarekin
ezkondu, kalean, bastardoki. Nahi zaitut eraman mariskoa jatera, «ondo
jantzita». Ez ditut igande arratsaldeetako erresakak amenazuz bizi nahi
bikotekiderik ez badut, biok, hirurok edo laurok sofan etzatea nahi dut.
Nahi ditut eztei bidaiak egin, batekin eta besteekin. Izan ere, argi
daukat, maitasuna gauza handiegia dela haien eskuetan uzteko, eta haiek
guk maitasuna gorrotatzea lortu aurretik, gurea egin eta asmatuko
dugula. Handia, ona eta polita.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina